Real Sociedad Fundazioa

Futbol irisgarriagoa

Sentitu ezazu Realaren taupada

Futbola pasioa da, eta Real Sociedad Fundazioaren nahia zen emozio hori senti zezatela asteburuero Reale Arenara doazen ikusmen urriko pertsonek ere. Horretarako, Escoita aplikazioan oinarritutako proiektu berria helarazi ziguten, aplikazioaren eragina eta abantailak erakutsiko lituzkeen ikus-entzunezko pieza baten bidez ezagutzera emateko.

Hasieran, bezeroak lekukotzen bideo bat irudikatu zuen, erabiltzaileen esperientzian oinarrituko zena. Baina Hasitagon ikusi genuen aukera zegoela urrunago joateko. Hala, ikuspegi narratibo eta sormenezkoa baliatzea erabaki genuen, inpaktua eta ikus-entzuleekiko konexioa handitzeko.

Halaxe sortu zen bideoa. Bideoaren bidez, erakusten dugu Escoitak zer-nola ahalbidetzen dien ikusmen urriko zaleei Reale Arenako partiden xehetasunik ez galtzea, denbora errealeko kontakizun zehatz eta deskribatzailearen bidez. Pantaila zatitua erabiltzeari esker, jokalarien eta zaleen taupaden sinkronizazioa irudikatzeko gai gara, berrikuntza teknologiko horren funtsa atxikita.

Guretzat, oso pozgarria da hain proiektu inklusibo eta eraldatzailearen parte izatea; izan ere, futbola jokatu ez ezik, sentitu ere egiten dela frogatzen du, futbola bizitzeko era edozein dela ere.

  • Bideoa